Unibertsitatearen zeregina etengabe hobetzeko eta guztien ongia bilatzeko xedeak kontuan izan behar ditu hiru elementu baldintzatzaile: unibertsitatearen finantzaketa; lantaldea eta eskura dituen baliabide teknikoak; eta ingurunea, tokikotik globalera doan testuingurua. Hiru elementu horiek unibertsitatearen autonomia baldintzatu eta mugatzen dute. Plan Estrategiko honek ez die finantzaketa gaiei heltzen, eta gai horiek Eusko Jaurlaritzarekin urtero eginiko analisi baten mende daude. Aldiz, Planean xeheki aztertzen dira baliabide teknikoak eta teknikariek eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileek osatutako lantaldea. Planaren gogoeta estrategikoa hasten da kontuan hartuz testuingurua. Ondoren, ingurunearen mehatxu edo desafiotzat har daitezkeenak zirriborratzen dira gaingiroki, horietatik aukerak ere sor daitezkeela ahaztu gabe.
A. Ingurune globala
Mundua sakon aldatu da azken urteetan. Egungo gizartean, nagusi dira gerra hotsak (baita EBren ateetan ere), ziurgabetasun giroa eta ezegonkortasun geopolitiko gero eta handiagoa, eta hori guztia errotik aldatzen ari da bigarren mundu gerraz geroztik eraiki den gobernantza marko globala. Testuinguru berri honek inpaktu zuzen eta gero eta handiagoa du Europar Batasunean eta haren unibertsitateetan, eta ondorioetako bat da oreka instituzional, sozial eta akademikoak —berez ahulak— birplanteatzeko beharra. Unibertsitateen jasangarritasuna zalantzan jartzen ari diren transformazio globaletako batzuk dira:
- Bilakaera demografikoak —jaiotza-tasa apala, gizarte gero eta zaharragoa, biztanleriaren beherakada eta immigrazioak— inpaktu nabarmena du sistema ekonomikoan eta gizarte sisteman (osasun, aisialdi eta etxebizitza arloko politika sozialak), baina baita kultura eta politika sistemetan ere (aniztasun, ekitate eta inklusio politikak), eta horrek gerra kulturalak pizten ditu. Gainera, aldaketa demografikoek eragin zuzena dute hezkuntza eta unibertsitate sisteman: nabarmen murriztuko da unibertsitatera helduko diren gazteen kopurua, eta areagotu egingo ditu horrek ikasleak erakartzeko, ikaslego kontzeptua egokitzeko eta immigratzaileen seme-alabak EHUra etorrarazteko desafioak. Horiek horrela, aurrea hartzeko gai izango diren estrategiak behar dira: hala nola (1) Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, jaiotza tasa baxuaren inpaktua aztertu eta tasa hori sustatuko duten politikak, etorkinen seme-alabak batxilergora, lanbide heziketara eta unibertsitatera erakarriko dituztenak, (2) etengabeko prestakuntzako estrategiak, eskaintza erakargarria diseinatzeko biztanleria aktiboarentzat —mikrokredentzialak— eta (3) biztanleria ez-aktiboarentzako eskaintza —Esperientzia Gelak—, ikuspegi zabal batetik garatuak.
- Munduaren geopolitika abiada bizian aldatzen ari da: multilateralismoa gainbeheran doa, segurtasuna arriskuan jartzen duen eskalada belizista eta armamentistarekin, eta Europako sistema politikoen praktika demokratikoak kaltetzen dituzten kanpoko esku-hartzeekin. Horrek ziurgabetasuna sortzen du, eta horri gehitu behar zaio klima aldaketak, mendekotasun energetikoak, iraultza teknologiko-informatikoak edo Adimen Artifizialak herritarren bizitzetan duten eragina, bai eta garapen, ekoizpen eta bizitza ereduak birkonfiguratzen ari den trantsizio eko-sozial eta teknologiko sakon bati aurre egiteko beharra ere. Eraldaketa horiek guztiek baldintzatzen dituzte giza dimentsioa, europarren bizimodua (European way of life) eta gizartearen prestakuntza beharrak. Ziurgabetasun orokor horren erdian, korronte ideologiko eta populistak sortzen ari dira, ziurtasun alternatiboak, diskurtso negazionistak eta irtenbide sinpleak eskaintzen dituztenak. Unibertsitateei desafioak planteatzen dizkieten gerra kulturalak. Ziurgabetasun orokorrak zaildu egiten du unibertsitatea bezalako ezagutzaren erakundeek epe ertaineko estrategiak diseinatzea eta planifikatzea, nahiz eta, aldi berean, aukera itzelak ematen dizkien garatzeko balio eta inpaktu sozial handiko ikerketa, transferentzia eta dibulgazioa, ikerketa arduratsua, hezkuntza orientazioa, Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) lerrokatutako ikerketa, transferentzia, bakerako erakunde publiko eta pribatuekiko lankidetza, etab.
- Transformazio feminista aldaketa estruktural sakona eragiten ari da Europako gizarteetan eta euskal gizartean, eta birkonfiguratzen ari da boterearen banaketa, genero rolak eta lan nahiz bizitza dinamikak. Eraldaketa horrek lehen planoan jarri ditu benetako berdintasunerako borroka, zaintzen erantzukidetasuna eta genero arrakalak arlo guztietan ezabatzeko helburua, hezkuntzatik hasi eta lan merkaturaino. Unibertsitateek, ezagutza sortzeko eta profesionalak trebatzeko funtsezko erakunde gisa, beren erantzukizuna hartu behar dute prozesu horretan, eta genero ikuspegi intersekzionala txertatu behar dute maila guztietan: ikerketatik hasi eta irakaskuntzaraino. Gainera, politika instituzionalak egin behar dituzte, berdintasuna sustatzeko, gizarte pluraletako sektore eta talde guztietan. Testuinguru horretan, zaintzak —historikoki ikuspegi desorekatu baten ondorioz emakumeen ardurapean— funtsezko arloa dira, eta hor unibertsitateek jasangarritasun sozial eta ekonomikoan lagun dezakete, osasun, gizarte eta hezkuntza alorretako profesionalak trebatuta. Halaber, hortik sortzen dira unibertsitateak garatu beharreko ekimen estrategikoak (Berdintasun Zuzendaritza, ehuGune, Kultura Zientifikoaren Katedra, Esperientzia Gelak, etab.), bai eta genero berdintasunerako gobernantza eta kudeaketa ere, aukera emango duena bermatzeko, besteak beste, emakumeen presentzia orekatua irakasle-ikertzaileen eta TEKAZEL langileen kategoria gorenetan eta ikertzaile nagusien (IN) artean, ikastegi, sail eta institutuetako zuzendaritzetan.
- Ekoizpen faktoreen (giza faktoreak, kapitala, lehengaiak, teknologia, energia, garraioa) eta bizitzaren (etxebizitza, elikadura, osasuna eta zaintza, hezkuntza, aisialdia, garraioa) kostu gero eta handiagoek murriztu egiten dute Europako ekonomien lehiakortasuna. Europak zaila du munduko beste sistema ekonomiko batzuekin lehiatzea, ekoizpen kostu txikiagoak dituztelako, lehengai gehiago dituztelako edo neurri protekzionistak hartzen dituztelako (muga zergak). Europa lehian sar daiteke soil-soilik berrikuntzari eta zientzia disruptiboari esker. Inbertsio ahaleginak bideratu behar dira ezagutzara eta berrikuntzara, hezkuntzaren eta ikerketaren bitartez. Gizarte aurreratuenak horretan ari dira: imitaziotik berrikuntzara igarotzen. Unibertsitateak eraldaketa hau bultzatzen duen bektorea dira: arlo guztietan ikertzea, oinarrizko zientziatik abiatuta; berritzea eta sektore produktibora, asoziatibora eta instituzional-publikora transferitzea; eta argi egitea eta interpretazio esparru bat eskaintzea, ziurgabetasunei aurre egiteko, analisi kritikorako gaitasunaren bidez.
- Oinarrizko ikerketaz, ikerketa aplikatuaz eta transferentziaz gain, unibertsitatearen erantzukizun sozial eta kulturala da ere arrazionaltasuna, pentsamendu kritikoa, askatasuna eta sormena defendatzea, desinformazioa eta negazionismoak borrokatzea eta gizarteak aurrera egin dezan laguntzea, inor atzean utzi gabe. Ikerketa finantzatzen duten sistema autoritarioen aurrean (ikerketaren helburuak beren lehentasun politikoekin lerrokata), Europak apustu egin behar du honako hauek bultzatuko dituen esparru arautzaile baten alde: berrikuntza, zientzia irekia eta ikerkuntzan inbertitzea, ideien zirkulazio askea eta askatasun zientifikoa nagusi izango diren ingurune batean, aldi berean aurre eginez zientziarekiko eta jakintzarekiko mesfidantzaren ondorio suntsitzaileei.
B. Europako ingurunea
AEBetako konpainia teknologiko handiek (Google, Meta, Microsoft eta Apple, Amazon kontuan hartu gabe) 115.000 M€ inbertitzen dituzte I+Gn, EBk baino hamar aldiz gehiago, eta haien aurrekontuaren erdia baino gehiago. Europak huts egiten du, enpresa teknologiko berriak sortzeko eta teknologia digitala ekonomiara transferitzeko unean.
Munduaren marko geopolitikoak bilakaera nabarmena izan du, zorroztu eta korapilatu egin da Europar Batasunaren eta AEBen arteko harremana, eta tentsioak eta tirabirak sortu dira merkataritzan, erregulazioan, segurtasunean eta autonomia estrategikoan. Horrek guztiak Europar Batasuna behartu du bere posizioa birdefinitzera, ingurune global zalantzagarriago batean. Europaren integrazioa abian jarri zen mundu bipolarra aldatu egin da, eta AEBetako populismoari itsu-itsuan jarraitzeak edo baketze politikak (appeasement policy) EBren amaiera ekar lezake. Munduan nagusitu den olde nazional-populista eta neokontserbadorea zailtzen ari da EBn akordioetara iristea, hain zuzen ere, erakunde hau sortu zenean estatu kideen arteko gerra saihesteko, ez kanpoko erasoetatik babesteko. Testuinguru horretan, Europako unibertsitateek eginkizun hirukoitza dute:
- Kultura eta ikerketa eraldatzailea bultzatzea, kontzientzia ekologikoa eta garapen kultural eta komunitarioa bultzatuko dituena, eta desberdinkerien aurka borrokatuko dena, ahotsa altxatuta intolerantziaren eta irrazionaltasunaren aurka, indarkeriaren eta gerraren aurka, eta gehiegikerien eta pobrezia iraunarazten duten desberdinkerien aurka, den-denak garapen jasangarria mugatu eta demokraziaren oinarriak suntsitzen dituzten botere egituren adierazleak.
- Lehiakortasuna eta ongizatea bultzatzea, garapen zientifiko-teknologiko abangoardistaren bitartez. Draghi txostenak bi lehiakortasun maila bereizten ditu: berrikuntza (sektore guztietan) eta maila goreneko ikerketa zientifikoa (bikaintasuna). Europak hobetu egin behar du bietan, baina unibertsitateen ekarpenik gabe ez da posible. Gobernantza malgu, inklusibo eta gogoetatsu batek horretan lagun dezake. Mantendu eta indartu egin behar dira ikerketa bultzatzeko programak (Horizon), eta ikertzaileenak (Marie Skłodowska-Curie), eta bultzada handiagoa eman behar zaie Europako unibertsitate aliantzei. Dena dela, garrantzitsua da ere berrikuntzan eta arriskuak onartzen ahalegin askoz handiagoa egingo duten industria sare bat eta enpresa kultura bat edukitzea, industriari eta ekintzailetzari laguntzeko politika publiko baten bidez.
- Pertsonen zeharkako gaitasunak eta trebetasunak garatzea, oinarrizko ezagutzak transmititzearekin batera, eta ikasteko inguruneak eta komunitateak eskaintzea, irakasteko sistemak egokituta (egitura, metodologia, nazioarteko mugikortasuna, antolakuntza, ebaluazioa).
- Ezaguntza zientifikoa ematea informatutako eta ebidentzietan oinarritutako politika publikoak egiteko. Europak eskatzen digu ezagutza zientifiko zorrotza sortzea, bere politika publikoak informatu eta oinarrituko dituena, erabaki estrategikoak ebidentzian oinarrituko direla ziurtatuz. Ildo horretan, Europar Batasunak dagoeneko badu aholkularitza zientifikorako sistema garatu bat; hala nola, Aholkularitza Zientifikorako Mekanismoa (SAM) edo SAPEA sarea (Science Advice for Policy by European Academies), bai eta gogoeta estrategikorako hainbat foro ere: ESAF (European Science Advisors Forum) edo ESPAS (European Strategy and Policy Analysis System). Gainera, Europako Batzordeak aktiboki bultzatzen ditu bere estatu kideak aholkularitza zientifikorako egiturak sortzera, kalitatezko ikerketak politika publikoak, hobeak, sor ditzaten bultzatuz. EHUren ustez, hori aukera eta ardura bat da: erabakiak hartzeko ezagutza erabilgarria sortzeko gaitasuna indartzea, Europako egitura horiekin lankidetzan aritzea eta aholkularitza zientifikorako euskal mekanismoak garatzen laguntzea, finantzatutako ikerketak gizartean benetako eragina izango duela bermatuz.
B.1. Ikerketa poloak eta Europako Ikerketa Eremua
Europako unibertsitateek kalitate handiko oinarrizko ikerketa egiten dute, baina ez dira maila berera iristen transferentzian, berrikuntzan eta ekintzailetzan, AEBetako unibertsitateekin alderatuz gero. Bi elementuk ardazten dute europarren erantzuteko potentziala Ezagutzaren Europaranzko trantsizioan: Europako Ikerketa Eremuko ikerketa poloek eta Europako Unibertsitate Eremuak.
“Ikerketa poloa” edo “polo teknologikoa” honela defini daiteke: industria teknologiko multzo bat, hezkuntza eta ikerketa erakundeen babesa duena normalean, leku fisiko komun batean kokatuak, ikerketa esparru europar bat lortze aldera, non ikertzaileak, ezagutza zientifikoak eta teknologiak aske mugituko diren, industriaren lehiakortasuna indartzeko eta beharrezkotzat jotzen diren ikerketa ekintzak sustatzeko.
Helburu nagusia da unibertsitatea, ikerketa eta industria hurbiltzea, tokiko soluzioen garapena sustatzeko, puntako teknologia erabilita, industriei profesional berriak eskainiz, eta lan iturriak sortuz, hezkuntza erakundeetako giza kapital egresatuarentzat.
Gaur egun, Horizon Europe (2028-34), Europar Batasunaren ikerketako esparru programaren hamargarren edizioa negoziatzen ari da. Draghi eta Letta txostenen eragin argiaren pean, Europako Batzordeak % 47ko aurrekontu igoera proposatzen du, arreta berezia jarrita berrikuntzan, ikerketan eta gizarte politiketan, 175.000 M€ bideratuta Horizon Europe programara eta 41.000 M€, Erasmus+ programara, eraldaketa sozialean eta erresilientzian zentratuta. Horizon Europe programa bat etorriko da Europako Lehiakortasun Funtsaren 4 lehentasun estrategikoekin: (i) energia trantsizio garbia eta deskarbonizazio industriala; (ii) eraldaketa digitala; (iii) One Health eta bioteknologia; (iv) espazioa eta defentsa (boskoiztu egingo da finantzaketa).
Egungo testuinguru globala Europa bultzatzen ari da aurrekontua handitzera defentsa arloan. Ikuspegi belizista eta armamentisten aurrean, segurtasun kontzeptu zabalago bat gara daiteke (zibersegurtasuna, biosegurtasuna, ekosegurtasuna, osasun segurtasuna pandemien aurrean, elikagaien segurtasuna, migrazio segurtasuna, etab.), Europaren defentsa eta defentsa arloko inbertsioa birpentsatzen lagun dezakeena, beste parametro batzuetatik, hurbilago biodibertsitatetik, pertsonen zaintzatik eta bizitza sozialetik (One Health ikuspegia). Azken batean, guztien ongiaren babesa, babes horren ikuspegi zabalenetik. Bigarren bide horrek aukera interesgarriak dakarzkie EHUk bezala bokazio bakezalea duten unibertsitateei, jakintza zientifikoa agente ez-akademikoen esku utzita lagun dezaketelako hainbat kolektiboren ongizatea indartzen eta inpaktu sozial positibo bat sortzen.
B.2. Europako Unibertsitate Sistemarantz
Ikerketa arloko eskumenak ez bezala, hezkuntzako eskumenak EBko estatu kideenak dira. Dena dela, hori ez da oztopo izan martxan jartzeko gobernu arteko egitasmoak; hala nola Boloniako prozesua, aurrera jarraitzen duena goi mailako hezkuntza sistemen harmonizaziorantz. Prozesu horrek eraldatu egin du Europako goi mailako hezkuntzaren antolakuntza, bai eta prestakuntza eta ikaskuntza bera ulertzeko modua ere, eta azkartu egin ditu ikasleen eta irakasleen mugikortasuna eta titulazio akademikoen aitorpena.
Goi mailako hezkuntza harmonizatzeko prozesua osatzen da ere EBk unibertsitate aliantza gisa bultzatzen dituen partzuergoen bidez (aliantza horietako 65ek 570 unibertsitate inguru biltzen dituzte). EHUk, elkarlan estuan Bordeleko Unibertsitatearekin eta Mugaz Gaindiko Campusarekin, ENLIGHT aliantzan parte hartzen du. Eskala eta dimentsio oso handiko munduko unibertsitateen aurrean, aliantza hauek aukera ematen diete unibertsitate kideei beren eragin eremua handitzeko, jardunbide egokiak partekatzeko eta baterako prestakuntza eskaintzaren ernamuin izan daitezkeen egitasmoak abian jartzeko; hala nola, ibilbide partekatuak.
ERASMUS+ programak indartu egin nahi ditu bizitzarako behar diren gaitasunak eta pertsona guztien enplegagarritasuna, Europako balioak babestuta: demokrazia eta parte-hartze soziala, elkartasuna, inklusibitate soziala eta aukera berdintasuna, Europan eta Europatik kanpo. Horrek berriro garamatza Balioen Europaren jomugara, Europar Batasunaren Tratatuaren 2. artikuluan aldarrikatua, gaur egun mehatxupean inboluzio nazional-populistarengatik, ezbaian jartzen dituena Ilustrazioaren, demokraziaren eta Europako integrazioaren oinarriak: oinarrizko eskubideak, adierazpen askatasuna, askatasun akademikoa, prozesu justu baterako eskubidea eta zuzenbide estatua.
C. Espainiako Estatua
Nazioarteko rankingek agerian uzten dute Espainiako Estatuko unibertsitate publikoen bikaintasuna; besteak beste, EHUrena (munduko unibertsitate hoberenen % 5aren multzoan). Dena dela, modu kezkagarri batean, Espainiako Estatuan unibertsitate pribatu ugari sortzen ari dira, horietako asko irabazi asmoarekin eta irakaskuntzan zentratuta, irakaskuntza kalitate zalantzagarri batekin eta ikerketa jarduera eskas edo nuluarekin. Unibertsitate horiek erakartzen dituzte nagusiki unibertsitate publikora sartzerik izan ez duten ikasleak. Azkenaldian sortu diren unibertsitate pribatuen gradu eskaintza eta, batez ere, graduondokoena, unean-uneko moden mende dago, eta ordainsari handiko enpleguak agintzen dituzte, itunpeko enpresetan. Gradu horien matrikularen prezio altua kalitate sinonimotzat hartu ohi du gizarteak, hain justu askotan aurkakoa gertatzen denean, graduak ANECAren (Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionala) kalitate egiaztapenik gabe eskaintzen baitira. Horrenbestez, esan liteke unibertsitate horiek enpresa jakin batzuen enplegu agentzia modukoak direla, merkatu logika baten barruan, non ikasleak beren lanpostuen sustatzaile bihurtzen diren. Gainera, ikasketak uzten dituztenen tasa baxua da, eta egresatuen emaitza akademikoak, itxuraz onak.
Espainiako Estatuan, 96 unibertsitate daude: 50 publiko (bakar bat ere ez XXI. mendean sortua) eta 48 pribatu (16 unibertsitate 2015 eta 2025 artean sortuak). Unibertsitate publikoetan, beheranzko joera txiki bat izan da ikasle kopuruan, 2015/2016 ikasturtean 1.143.223 ikasle izatetik 2023/2024an 1.077.830 izatera igaro baitira. Aitzitik, unibertsitate pribatuek etengabeko hazkundea izan dute, 2016an 178.475 ikasle izatetik 300.994 ikasle izatera igaro baitira 2024an; batez ere, graduondoko ikasketetan. Azken finean, komeni da kontuan hartzea unibertsitate pribatuek publikoengan izan dezaketen eragin parasitarioa.
CRUEn (Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentzia) ordezkaritza dute Espainiako unibertsitate sistemako unibertsitate publikoek eta pribatuek, eta sistema publikoaren defentsarako interlokutore bihurtzen du horrek. Unibertsitate publiko bakarra duten erkidegoetako unibertsitate publikoek G9+ taldea osatzen dute: EHUz gain, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Errioxako Unibertsitatea, Kantabriako Unibertsitatea, Zaragozako Unibertsitatea eta Oviedoko Unibertsitatea —euskal unibertsitate publikoaren mugakideak—, gehi Balear Uharteetako, Extremadurako, Gaztela-Mantxako eta Murtziako Unibertsitateak. Taldeak nortasun juridiko propioa du, interes komuneko ekimen akademikoak garatzeko eta unibertsitate publikoak defendatzeko, eta partekatzen dituzte informazioa, kudeaketa proiektuak eta online zabalkunderako estrategiak. Gainera, EHUk, gainerako euskal unibertsitateek (Nafarroako Unibertsitate Publikoa barne), Kataluniako unibertsitateek eta Santiagoko Unibertsitateak hizkuntza propioak dituzten Estatuko unibertsitateen sare informal bat eratzen dute, aldarrikapenak eta proposamenak partekatzeko, besteak beste. Era berean, nazioartekotze estrategiaren barruan (beste unibertsitate batzuekiko lankidetza), EHUren helburuetako bat da Arku Atlantikoko unibertsitateen sare bat sortzea, eta nukleazio nodo lana egiten ari da Pirinioen iparraldean dauden Arku Atlantikoko unibertsitateak eta CRUSOE sareko penintsulako unibertsitateak erakarri nahian. Horrekin guztiarekin, EHUren asmoa da unibertsitateen arteko lankidetza estrategikoa zabaltzen jarraitzea.
CYD Fundazioaren datu konparatiboen arabera: euskal unibertsitate sistemak Estatuko unibertsitate presentzial guztiekiko duen pisu erlatiboa % 4,2-4,5 ingurukoa da, matrikulei dagokienez (7. postuan), egresatuei dagokienez (7. postuan), titulazioei dagokienez (6. postuan) eta irakasleei dagokienez (6. postuan). Ehuneko hori bat dator biztanleria pisuarekin, eta BPG-ean duen pisura hurbiltzen da.
D. Euskal ingurunea
Euskal Unibertsitate Sistema lau unibertsitatek osatzen dute, eta bakarra da publikoa: EHU. Euskal unibertsitate publikoak hartzen ditu titulazioen % 63, egresatuen % 68, matrikulatutako ikasleen % 71 eta irakasleen % 76. Hiru unibertsitate pribatuei dagokienez, EUNEIZ unibertsitate sortu berri bat da (2022/2023an zabaldu zituen ateak); irabazi asmoko erakundea. UNIBASQ ebaluazio agentzia arduratzen da euskal unibertsitatearen kalitatea ziurtatzeaz. Euskal unibertsitateen balizko osagarritasunak eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzak erronka handiei egin behar diete aurre, sistemaren barruan sinergiak lortzeko eta lehiakortasuna elkarlanaren bidez osatzeko, balioa sortuta. Euskadiko Unibertsitate Kontseilua da sistemaren interlokuzio foroa, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren gidaritzapean. EHUk Euskal Herri osoaren unibertsitate publikoa izan nahi du, haren campusak kokatuta dauden Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) mugak gainditzen dituen kultura eta nazio mailako erreferentzia. Euskal unibertsitate publikoaren estrategiak globala izan nahi du, eta EAEren lurraldetik harago joan, euskal hizkuntzarekin eta kulturarekin loturak nahi dituzten lurraldeetara ere iristeko. EHU unibertsitate elebiduna da, pixkana-pixkana eleaniztasunerantz doana, bere lurraldearekin duen konpromisoaren baitan, eta gizartea eta komunitatea artikulatzen dituen agente nagusi bihurtzen du horrek, oinarri sendoak ipinita etorkizunari aurre egiteko. Horretarako, jakintza arlo guztiak barne hartzen ditu, salbuespenak salbuespen (hala nola, albaitaritza). Instituzioek kultura zientifiko, akademiko eta artistikoaren alde eginiko apustu irmoak lagundu egin du kualifikazio handiko ingurune bat sortzen.
EHU unibertsitate berri samarra da. 50 urtetik beherako bere ibilbidean, behar-beharrezko premiei erantzun behar izan die, eta aukera gutxi izan ditu arnasa hartzeko, etorkizuna planifikatzeko edo bere ereduari buruz gogoeta egiteko. Denbora tarte laburrean, lehen 15 urteetako ikasgelen masifikaziotik aurrera, azkar eta asko hazi da: tresna akademikoak sortu dira eta ospea irabazi dugu. Sareak, teknologia parkeak, katedrak, institutuak, ikastegiak… sortu dira. Euskaraz irakastea lortu da. Irakasleen prestakuntza hobetu da, besteak beste, kanpoan trebatu direlako, eta irakaslanaren kalitatea eta ezagutzaren transmisioa hobetu dira. Jauzi ikaragarriak egin dira ikerketaren arloan eta bekak, proiektuak eta ikertaldeak finantzatu dira, jakintzaren arlo guztietan. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako 2030 Euskal Planak adierazten duen bezala, “zientzia ona sustatzeko helburua lortzeko, sustapen politikek kontuan izan behar dute ikerketa jarduerari eutsi behar zaiola arlo guztietan”.
EHUk, EAEko unibertsitate publiko bakar gisa, euskal unibertsitate sistemaren buru izan nahi du, beste unibertsitateekiko elkarlana bilatzen duen gobernantzan oinarrituta beti. EHUren gobernantzak garrantzi handia ematen die entzuteari, elkarrizketari, hausnartua baina berehalakoa den erantzunari, kontuak emateari eta adostutako irtenbideak bilatzeari. Euskal unibertsitate publikoak espezialistak trebatzen ditu jakintza eremu guztietan, euskaraz lan egiteko gai direnak. Kanpoko finantzaketa erakartzen du, eta erakundeekin (Eusko Jaurlaritza) partekatutako estrategien arabera planifikatu. Eusko Jaurlaritzarekin eginiko programa kontratuek ekintzak bideratzen eta lehenesten lagundu dute. Garrantzitsua da oinarrizko beharrei aurrekontu orokorretik erantzuten jarraitzea, eta programa kontratuek kontuan hartzea Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planarekin (ZTBP), Ikur estrategiarekin eta Berrikuntza Itsasargiekin lerrokatutako lehentasun estrategikoak.
Funtsezkoa da ere finantzaketa nahikoa izatea, etengabe hobetzeko unibertsitatearen zeregin guztiak. EHUk erronka eta gabezia handiak ditu: TEKAZEL langile falta; talentua erakartzeko nahikoa ez den irakasle-ikertzaileen ordainsari sistema, batez ere karrera akademikoaren hasierako faseetan; langileen arreta eta zaintza integraleko zerbitzu falta; mantentze lan egokirik gabeko urteak pilatzen dituzten instalazioak, kasu batzuetan zaharkituak; eta ingurune digital eskas eta arkaikoa. LOSUren erreferentea (2031rako EAEko ekonomiaren BPGaren % 1) helburu bat da, unibertsitate publikoaren egungo beharrei erantzuten ahalbidetuko luke, historikoki beste beharre batzuekiko gutxiegi finantzatua.
Bestetik, Eusko Jaurlaritzak egitura propio oso indartsuak sortu ditu, ikerketa sustatzeko (IKZak, BERC guneak eta IISak) eta ikertzaileak erakartzeko (Ikerbasque). Gainera, Berrikuntzaren Itsasargiak sortu ditu, ikerketa gai handien inguruan garatzeko, EBren lehentasunezko ardatzekin lerrokatuta; hala nola, Adimen Artifiziala (AA), teknologia kuantikoak, zibersegurtasuna, deskarbonizazioa, Osasun Globala (One Health), etab. Garapen horren aurrean, garrantzitsua da azpimarratzea eta defendatzea euskal unibertsitate publikoaren protagonismoa euskal ikerketa sisteman eta, bereziki, Euskal Unibertsitate Sisteman: EHUk, guztira, 372 ikertalde eta 5.974 irakasle-ikertzaile (IRI) ditu.