Skip to content Skip to footer

7.

Euskararen normalizazioa eta hizkuntza plangintza

EHUren funtsezko eginkizunetako bat da euskara suspertzen eta normalizatzen laguntzea. Euskal gizarteak hizkuntza-gaitasun eta kontzientzia soziolinguistiko aurreratuak dituzten denetariko aditu eta profesional euskaldunak behar ditu, euskararen normalizazioan eragile aktibo gisa arituko direnak. Euskal gizartearen beharrei erantzun ahal izateko, azken hamarkadetan euskarazko komunikazio espezializaturako sortu diren hizkuntza-baliabideak (terminologia eta fraseologia) menderatu behar dituzte irakasle ikertzaileek.

1. Helburua

Euskararen erabilera sendotzea zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza gisa

Egun, EHUko kide askok jakintzat ematen dute gaztelania dela guztiok dakigun hizkuntza, eta hizkuntza horren erabilera normalizatu dute, hori ekonomikoena eta eraginkorrena delakoan. Hala eta guztiz ere, euskaldunak gehiengoa dira unibertsitatearen kolektibo guztietan. Indarrean dagoen araudiaren arabera, EAEko herritar guztien eskubidea da administraziorekin bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan komunikatzeko, eta horren erantzuna jasotzeko aukeratutako hizkuntzan. Are gehiago, funtsezkoa da euskarazko zerbitzuen eskaintza aktiboa, hizkuntza horren normalizazioaren helburuari begira. Euskara lan-hizkuntza modura erabiltzea ere funtsezkoa da lan-ingurunea euskalduntzeko eta, ondorioz, EHUko pertsona guztiek beren lanpostuan behar dituzten hizkuntza-gaitasunak etengabe hobetzeko.

01

Euskara-batzordeen eta euskara-arduradunen sarea egituratzea eta indartzea. Sailetako, ikerketa-taldeetako eta administrazio-unitateetako euskara-arduradunak izendatzea, kontuan hartuta EHUren hizkuntza ofizialen eta ez-ofizialen erabilera-plana. Ikastegietako Euskara Batzordeak indartzea.

  • Arduradunak: Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako EO
  • Adierazleak:
    • Euskara Batzordea duten ikastegien ehunekoa
    • Euskara-arduraduna duten sailen, ikerketa-taldeen eta administrazio-unitateen ehunekoa

02

TEKAZELentzako hizkuntza-prestakuntzaren eskaintza dibertsifikatzea. Ohiko euskara- eta ingeles-prestakuntza osatzea, trebatzaileen sistema baten bidez, euskararen lan-hizkuntza modurako erabilera dinamizatzeko. Prestakuntzaren zati handi bat euskaraz eskaintzea, gaitasun profesionalak hobetzeko, eta euskaraz eskainitako ikastaroak aukeratzera bultzatzea, lanpostuarekin lotutako hizkuntza-gaitasunak garatzeko funtsezko tresna gisa.

  • Arduradunak: Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako EO
  • Adierazleak:
    • Lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna egiaztatu duten TEKAZELen kopurua
    • TEKAZELen gaitasunak etengabe hobetzeko euskaraz eskainitako ikastaroen ehunekoa, eta hizkuntza bakoitzean matrikulatutako pertsonen kopurua
    • Trebatzaileak dituzten administrazio-unitateen ehunekoa

03

Euskararen erabilera bultzatzea irakasle-ikertzaileen eta ikasleen idatzizko eta ahozko komunikazioan. Euskararen erabilera indartzea era guztietako mezuetan, zirkularretan, aktetan eta bestelako dokumentu idatzietan, bai eta ahozko komunikazioan ere: aurkezpenak, bilerak, jardunaldiak, mintegiak, etab. Hizkuntza-teknologia berriek elkarri ulertzeko eskaintzen dituzten baliabideak unibertsitateko kide guztien eskura jartzea, euskararen erabilera normalizatzen lagunduko duten jardunbide egokiak bultzatze aldera.

  • Arduradunak: Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako EO
  •  Adierazleak:
    • Bileretan, mintegietan, aurkezpenetan eta, oro har, ahozko komunikazioan euskara nagusiki erabiltzen duten sailen, ikerketa-taldeen, zuzendaritza-taldeen eta administrazio-unitateen ehunekoa
    • Dokumentu idatzietan (aktak, txostenak, zirkularrak, mezuak, etab.) euskara nagusiki erabiltzen duten sailen, ikerketa-taldeen, zuzendaritza-taldeen eta administrazio-unitateen ehunekoa
    • Hizkuntza-teknologia berrien erabileraren inguruan IRIei, ikasleei eta TEKAZELei eskainitako ikastaroen kopurua
    • Ahozko eta idatzizko komunikazioan euskararen erabilera errazteko hizkuntza-teknologia berriak
      erabiltzen dituzten sailen, ikerketa-taldeen, zuzendaritza-taldeen eta administrazio-unitateen ehunekoa

04

Hizkuntza-paisaia eta web instituzionala. Arreta jartzea euskarak hizkuntza-paisaian duen presentzian: errotulazioa, kartelak, informazio- pantailak etab. Arreta jartzea baita hizkuntza ofizial biek eta hizkuntza ez-ofizialek web instituzionalean duten erabileran ere. Pixkanaka frantsesaren erabilera indartzea webgunean, Ipar Euskal Herriko eta Frantziako Estatuko ikasleak erakartzeko.

  • Arduradunak: Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako EO, Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko EO
  • Adierazleak:
    • Euskararen presentzia egokia duten hizkuntza-paisaiaren elementuen ehunekoa
    • Hizkuntza desberdinetan dauden (euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa) web instituzionaleko elementuen ehunekoa

2. Helburua

Graduko eta graduondoko eskaintza birdefinitzea, instrukzio-hizkuntzen azterketa zehatz batean oinarrituta

Funtsezkoa da EHUn euskara instrukzio-hizkuntza modura erabiltzea, jakintza-arlo askotan euskara darabilen munduko unibertsitate bakarra delako. Euskara instrukzio-hizkuntza modura erabiltzen denean, espezialitate-alorrez alorreko komunikaziorako hizkuntza-baliabideak garatzen dira euskaraz eta, era berean, ikasleek komunikazio-gaitasun espezializatuak garatzen dituzte, aukera emango dietenak unibertsitatean ikasten ari diren diziplinetako adituen komunitateetako kide bihurtzeko. Egun, EHUren gaztelaniazko eskaintza nabariki handiagoa da euskarazkoa baino, nahiz eta euskaraz matrikulatzen diren ikasleen kopurua gaztelaniaz matrikulatzen direnena baino handiagoa izan. Ingelesa instrukzio-hizkuntza gisa erabiltzeak nazioartekotzearen helburuari erantzuten dio. Hala ere, beharrezkoa da aztertzea inglesak nazioartekotzearen helburuari egiten dion ekarpena eta atzerriko hizkuntzen erabilerak zer neurritan zailtzen duen graduko eta graduondoko ikasketen euskalduntze prozesua.

01

Graduko ikasketen euskarazko eta gaztelaniazko eskaintza berrantolatzea, egungo eskaerari erantzuteko. Euskarazko graduen eta irakasgaien eskaintza zabaltzen jarraitzea, hizkuntza horren garapen
akademikoa ziurtatzeko eta ikasketak euskaraz egin nahi dituzten ikasleen hizkuntza-eskubideak errespetatzeko.

  • Arduradunak: Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako EO, Gradu eta Eraldaketa Digitalerako EO
  • Adierazleak:
    • Hizkuntza bakoitzean eskaintzen diren nahitaezko irakasgaien ehunekoa
    • Hizkuntza bakoitzean eskaintzen diren hautazko irakasgaien ehunekoa
    • Euskara hutsean egin daitezkeen graduen ehunekoa
    • Nahitaezko eta hautazko irakasgai guztiak euskaraz eskaintzen dituzten graduen ehunekoa

02

Ingelesa instrukzio-hizkuntza modura duten irakasgaien eskaintza berrantolatzea. Ingelesezko irakasgaiak sartzeko helburuak noraino bete diren aztertzea, eta zer garrantzi duten irakasgai horiek gradu bakoitzean. Gradu hirueledunek eta ingeles hutsean eskaintzen direnek azterketa xehea behar dute.

  • Arduradunak: Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako EO, Gradu eta Eraldaketa Digitalerako EO
  • Adierazleak:
    • Nazioartekotze-ibilbide bat gutxienez duten ikastegien kopurua
    • Hizkuntza ez-ofizialetan (ingelesa, frantsesa, alemana) eskainitako irakasgaietan matrikulatutako mugikortasun-programetako ikasleen kopurua
    • Tituluaren Gehigarri Europarrean nazioartekotze-aitortza sartzea lortu duten ikasleen ehunekoa
    • Hizkuntza-plangintzaren ikuspegitik berrikusitako gradu hirueledunen eta ingeles hutsean eskainitakoen ehunekoa

03

Graduondoko eskaintza aztertzea instrukzio hizkuntzen arabera, euskarazko eskaintza handitzeari begira. Graduondoko eskaintzaren koherentzia aztertzea, instrukzio-hizkuntzaren eta matrikulatutako ikasleen profilaren arabera, graduondokoetan euskara indartzeko estrategiak disinatzeari begira.

  • Arduradunak: Graduondoko eta Etengabeko Ikaskuntzako EO, Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako EO
  • Adierazleak:
    • Masterretan hizkuntza bakoitzean eskainitako ECTS kredituen ehunekoa

04

Ekintzak eta estrategiak diseinatzea, ikasle guztien euskarazko komunikazio-gaitasunen garapena bermatzeko. Laguntza eta baliabideak eskaintzea EHUra euskarazko komunikazio-gaitasunetan gabeziaren batekin iristen diren ikasleei. Euskarazko esperientzia linguistikoak ikasle guztiei erregistro akademikoak egokiro garatzen laguntzen diela bermatzea. Irakasle guztien inplikazioa bilatzea eta ahozko nahiz idatzizko irakats-material guztien hizkuntza-kalitatea zaintzea.

  • Arduradunak: Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako EO
  • Adierazleak:
    • Euskarazko komunikazio-gaitasunen gabeziak konpentsatzen laguntzeko baliabideen eta ikastaroen kopurua
    • Euskarazko komunikazio-gaitasunen gabeziak konpentsatzen laguntzeko baliabideak eta ikastaroak erabili dituzten ikasleen kopurua
    • Irakats-materialak eta haien hizkuntza-kalitatea aztertu dituzten sailen kopurua (ikasleentzako gidak, ikasgelako aurkezpenak, apunteak, praktiketako protokoloak, etab.)
    • Irakasleen hizkuntza-prestakuntzarako eskainitako ikastaroen edo bestelako ekimenen kopurua
    • Irakasleen hizkuntza-prestakuntzarako ikastaroetan parte hartu duten irakasle-ikertzaileen kopurua

3. Helburua

Euskararen erabilera sustatzea jakintzaren garapenerako hizkuntza gisa

Hizkuntzek jakintzaren garapenerako ikuspegi desberdinak eskaintzen dituztelarik, hizkuntza bat baino gehiago erabiltzeak jakintza bera aberasten laguntzen du. Gainera, edozein hizkuntza ikerketan eta jakintzaren garapenean erabiltzen denean, hizkuntza bera garatzen laguntzen du, bai eta prozesu horietan parte hartzen duten hiztunen hizkuntza-gaitasun espezializatuak garatzen ere. Horregatik guztiagatik, funtsezkoa da euskararen erabilera sustatzea ikerketan.

01

Graduko eta masterreko lan akademikoak euskaraz egin daitezen sustatzea. GRALak eta MALak euskaraz egin daitezen bultzatzea, euskarazko lan akademikoek euskararen garapenerako eta normalizaziorako, eta ikasleek euskarazko komunikazio-gaitasunak garatzeko duten garrantzia ikusaraziz.

  • Arduradunak: Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako EO, Gradu eta Eraldaketa Digitalerako EO, Graduondo eta Etengabeko Ikaskuntzako EO
  • Adierazleak:
    • Hizkuntza bakoitzean eginiko GRAL kopurua eta ehunekoa
    • Hizkuntza bakoitzean eginiko MAL kopurua eta ehunekoa.

02

Doktorego-tesiak euskaraz egin daitezen bultzatzea. Eta «Euskarazko Doktoregoa» aipamena lortzen duten pertsonen kopurua handitzen laguntzea

  • Arduradunak: Graduondoko eta Etengabeko Ikaskuntzako EO, Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako EO
  • Adierazleak:
    • Hizkuntza bakoitzean eginiko doktorego-tesien kopurua eta ehunekoa
    • «Euskarazko Doktoregoa» aipamena lortu duten ikasleen kopurua eta ehunekoa, eta horien artean «Nazioarteko Doktoregoa» aipamena ere lortu dutenenak

03

Euskarazko liburu, artikulu eta ikus-entzunezko materialen argitalpena sustatzea. Euskarazko argitalpenek nazioarteko organismo eta metriken aitorpena lor dezaten lan egitea, bai eta EHUren programetan (Jardun, Docentiaz…) aitorpena izan dezaten ere bermatzea Euskarazko
laburpena eta gako-hitzak gehitzea EHUko Argitalpen Zerbitzuak beste hizkuntzetan argitaratutako aldizkari guztietan. Euskararen erabilera erraztea pertsona erdaldunen presentzia duten kongresu, jardunaldi eta hitzaldietan, deialdi espezifikoen bidez.

  • Arduradunak: Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako EO, Irakasle-ikertzaileen EO, Ikerketa EO
  • Adierazleak:
    • Euskarazko irakats-materialak eta liburu akademikoak argitaratzeko deialdietan parte hartu duten irakasleen kopurua
    • Euskarazko ikus-entzunezko materialak sortu dituzten irakasleen kopurua eta sortutako materialen kopurua
    • Euskaraz argitaratutako artikuluen kopurua
    • Beste hizkuntza batzuetan argitaratutako aldizkari akademikoetan gaineratutako euskarazko laburpenen kopurua
    • Biltzar, jardunaldi eta mintegietan euskararen erabilera sustatzeko deialdian parte hartu dutenen kopurua

04

Euskararen erregistro akademikoen garapena monitorizatzea. Erregistro akademikoak monitorizatzeko tresnak eta baliabideak (Garaterm, Erauzterm, TZOS, EHUskaratuak, Gaika, HARTA/TAILA) eguneratzen eta elikatzen jarraitzea. Baliabide horiek erabiltzea erregistro akademikoen ikerketarako, graduko, masterreko eta doktoregoko ikasleen eta irakasleen hizkuntza-prestakuntzarako, testu akademikoak idazteko laguntza-tresnak garatzeko, eta terminologiaren eta fraseologiaren aldakortasuna kudeatzeko eta harmonizatzeko.

  • Arduradunak: Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako EO
  • Adierazleak:
    • Garaterm eta EHUskaratuak corpusetan gaineratutako hitzen kopurua
    • TZOS terminologia-datubasean bildutako terminoen kopurua
    • Beste lan terminologiko batzuen kopurua (hiztegiak, glosarioak, termino-zerrendak, etab.)
    • Testu akademikoak idazteko laguntza-tresnen garapenean eginiko aurrerapenak (ehunekoa, oinarritzat hartuta tresna horien garapen osoa)
    • Parte hartu den terminologia-aldakortasuna kudeatzeko eta harmonizatzeko ekimenen kopurua
    • Euskararen erregistro akademikoen garapenarekin lotutako argitalpenak, komunikazioak eta jardunaldiak

4. Helburua

EAEtik kanpoko ikasleen eta ikertzaileen harrera linguistikoa diseinatzea eta inplementatzea

EHU laborategi ona da, euskara euskal gizartean normalizatzeko beharrezkotzat jotzen diren ekintzak ingurune eskuragarriago batean inplementatzeko. Egun, euskararen bizi-berritzean jauzi kualitatiboa egiteko, euskaraz ez dakiten pertsona guztiak erakarri behar dira euskararen komunitatera, ezagutza unibertsala lortze aldera.

01

Harrera linguistikorako kanpainak diseinatzea eta aurrera eramatea. Euskarak unibertsitatean duen garrantziari eta prestigioari buruzko informazioa ematea EHUra iristen diren ikasle eta ikertzaile guztiei, bai eta
hizkuntza ikastearen abantailei buruz ere, unibertsitateko kideen komunitatean integratzeko eta etorkizunean irakaskuntzan edo administrazioan lanpostu bat lortzeko.

  • Arduradunak: Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako EO, Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko EO
  • Adierazleak:
    • Harrera linguistikorako kanpainaren diseinuaren eta abian jartzearen betetze mailaren ehunekoa

02

Euskara-ikastaroak eskaintzea campusetan. EHUra iristen diren ikasleei eta ikertzaileei euskaltegi-sarearen berri ematea eta, bestalde, campusetan bertan euskara modu erosoan ikasteko aukera eskaintzea.

  • Arduradunak: Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako EO, Campusetako EOak
  • Adierazleak:
    • Euskara ikasteko sortutako taldeen kopurua
    • Ikastaroetan matrikulatutako ikasleen eta ikertzaileen kopurua

03

Berbalagun moduko egitasmoak abian jartzea. unibertsitateko kide euskaldunek konpromisoa har dezaten euskara ikasten ari diren pertsonei ikasitakoa praktikan jartzen laguntzeko eta, horrela, hizkuntza azkarrago ikasten laguntzeko.

  • Arduradunak:Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako EO, Ikasleen eta Konpromiso Sozialerako EO
  • Adierazleak:
    • Sortutako berbalagun taldeen kopurua
    • Berbalagun ekimenean parte hartzen duten pertsonen kopurua