2026-2028 Plan Estrategikoaren helburuek eta ardatzek bat etorri behar dute Estatutuetan jasotako helburuekin: (i) hezkuntza/prestakuntza; (ii) ikerketa; (iii) transferentzia eta inpaktu soziala; (iv) dibulgazioa; (v) kudeaketa eraginkorra; (vi) euskararen normalizazioa; (vii) nazioartekotzea; (viii) konpromiso soziala eta (ix) kide izatearen sentimendua, eta horiei gehitu behar zaie (x) unibertsitateko kide guztien zaintza eta ongizatea: ikasleak, irakasle-ikertzaileak eta TEKAZEL langileak.
Era berean, zentraltasuna ematen zaio EHUren kultura politikari, ezagutza zabaltzeko helburuarekin batera. Azken batean, helburu hauek biltzen dira zazpi ardatz tematikotan: horietatik lau inguruko unibertsitate guztiekin partekatuak (irakaskuntza-prestakuntza, ikerketa, transferentzia eta dibulgazioa); hiru ardatz, EHUren nortasun espezifikoari dagozkionak (euskara eta eleaniztasuna, lurraldea eta nazioartekotzea, eta pertsonak eta komunitatea), den-denak gainetik ardatz global eta bektore bat dutela (gobernantza eta kudeaketa).
Ardatz bakoitzaren barruan, jardun lerro multzo bat zehazten da, dagozkion ekintza zehatzen proposamenarekin. Ekintza bakoitzak helburu espezifiko bat izango du, ekintza gauzatzeko ardura izango duen taldea identifikatuko du, ekintza ebaluatzeko adierazle bat edo batzuk definituko ditu eta, hala badagokio, ebaluazioa egiteko denbora epe bat finkatuko du. Ekintzak identifikatzen dira ikastegi guztietan eginiko entzute prozesutik abiatuta, aintzat harturik kolektibo guztiek planteatutako ideiak, proposamenak eta ekintzak.