4.
Dibulgazioa, difusioa eta kulturaren sustapena
Jakintza espezializatua gizarte osora iritsi dadin, funtsezkoa da ezagutza unibertsitateetatik gizartera zabaltzea. Pentsamendu kritikoa, kultura zientifikoa eta informazioan oinarritutako erabakiak sustatzeko eragile gakoa da, unibertsitateak funtsezko zeregina baitu gizartearen aurrerabidean. Garrantzitsua da ere EHUk kulturaren dinamizazioari egiten dion ekarpena, eta horrek garapen sozialean eta tokiko kultura komunitateen etengabeko biziberritzean eragiten duen onura.
Alde horretatik, EHUk berezkoa du euskara, gizartea eta kultura aktibatzeko eta garatzeko bokazioa. Hain justu, unibertsitatearen lemak (Eman ta zabal zazu) islatzen du kultura sustatzeko eta garatzeko duen konpromisoa, erakundea sortu zenez geroztik.
Funtsezkoa da unibertsitateen eginkizun kulturala indartzea, oinarrizko balioen (pluraltasuna, aniztasuna, berdintasuna, pentsatzeko eta sortzeko askatasuna, tolerantzia edo elkartasuna) kontrako etengabeko erasoen aurrean, ezagutzak aurrera egiteko eta gizarte demokratikoak sostengatzeko. Erakunde akademikoa den aldetik, EHUk ekarpen erabakigarria egiten dio herritarren hezkuntzari eta kultura prestakuntzari, bai eta euskal gizarte osoaren kultura zientifiko eta akademikoaren sustapenari ere, ezagutza hedatzeko eta gizarteratzeko jardueren bitartez. Horrez gain, eragile sortzailea ere bada, baita kultura trukerako gune ere, non arteak, diseinuak, literaturak, musikak, zinemak edo jarduera fisikoak loratzeko gune aproposa eskaintzen duen.
Zientzia hedatzeko eta gizarteratzeko urtez urte zenbait tresna errotu ditu EHUk: hala nola, Kultura Zientifikoko Katedra, Uda Ikastaroak eta ehuGune, edo Esperientzia Gelak, irakaskuntza-ikaskuntza zeregin hutsetik harago.
Ardatz estrategiko honetako ekintzak sei jarduera-ildo nagusitan oinarritzen dira.
1. Helburua
Herritarren ahalduntzea sustatzeko, difusio eta dibulgazio zientifikoko jarduerak zabaltzea eta areagotzea
Kultura zientifikoa indartzea eta balio akademikoak gizarteratzen laguntzea (kritikotasuna, zorroztasuna, gardentasuna, zintzotasuna, osotasuna, jakin-mina, erantzukizuna edo elkartasuna), bai eta dibulgazio lanaren eta herritarren zientzia aitortza handiagoa egitea ere.
Ekintzak
01
EHUren hedapen eta dibulgazio zientifikoko jarduerak areagotzea, barne eta kanpoko lankidetza indartuta, EHUren Argitalpen Zerbitzua eta komunikazio zientifikoa indartzea, denboran iraungo duten jarduera eraginkorrak sendotzeko (Zientzia Astearen antzerakoak). Gainera, aliantza eta lankidetzak indartzea eta berriak sortzea, EHUren jardueraren hedapen eta dibulgazio handiagoa lortzeko, herritarrentzako ikastaro, mintegi, hitzaldi, solasaldi eta dinamiken bidez.
- Arduradunak: Transferentzia eta Nazioartekotze EO
- Adierazleak:
- Difusio eta dibulgazio jardueretan parte hartzen duen pertsona kopurua
- Hedapen eta dibulgazio jardueretan parte hartzen duen EHUko pertsonen kopurua
02
Unibertsitate aurreko ikasleak unibertsitatera hurbiltzeko eta orientatzeko programak (EGOKITU) edo Jarduera Praktikoak indartzea, zientziaren eta ikerketaren funtzio soziala transmititzeko belaunaldi gazteei, bai eta ezagutzarekiko interesa, jakin-nahia eta konpromisoa areagotzeko ere.
- Arduradunak: Ikasleen eta Konpromiso Sozialerako EO, Campus EO
- Adierazleak:
- Unibertsitatera hurbiltzeko programetan dagoen unibertsitate aurreko ikasle kopurua
03
Komunikazio korporatiboaren plana garatzea, hobeto proiektatzeko eta dibulgatzeko EHUren jarduera akademiko eta ikertzaile zabala. Laguntza ematea ikastegi, institutu, sail, katedra eta ikertaldeei, egiten ari diren jardueraren dibulgazioari dagokionez, eta jarraibide batzuk eskaintzea eta ezartzea EHUren jarduera akademikoaren eta zientifikoaren zabalkundea indartzeko hedabideetan, kanal digitaletan, azoketan, kongresuetan eta beste eragile batzuekin eta, oro har, herritarrekin eginiko askotariko jardueretan.
- Arduradunak: Komunikazioko EO
- Adierazleak:
- Ikertaldeentzako komunikazio dekalogoa
- Prestakuntza saioak eta komunikazio tresnak
- Komunikazio arloko prestakuntza ikertaldeentzat
04
EHUko irakasle-ikertzaileen dibulgazio lana aitortu eta prestigioa ematea. Eta neurriak aztertzea
hedabideetan, dibulgaziorako komunikabideetan, zabalkunderako kanal korporatiboetan eta beste baliabide digital batzuen bidez eginiko ahalegina saritzeko.
- Arduradunak: Komunikazioko EO
- Adierazleak:
- Irakasle-ikertzaile dibulgatzaileen gordailu eta direktorio digitala
2. Helburua
Esperientzia Gelak bultzatzea
Esperientzia Gelek irakaskuntza-ikaskuntzarekin lotura estua badute ere (bat datorrena I. ardatzarekin), IV. ardatz honetan sartu dira, lotura oso estua dutelako gizartearen ezagutza maila handitzeko eginkizunarekin. 55 urtetik gorako biztanleria ez-aktiboari unibertsitate bizitzan inplikatzeko aukera emateko xedearekin lerrokatzen da funtzio hori, ulertuta beren esperientzia eta gogoaren bidez unibertsitate giroa aberats dezaten interesgarria dela. Bereziki interesgarria da EHUren ekarpena indartzea zentzu horretan, jomugatzat harturik ikaskuntza arautuan zuzenean inplikatuta ez dagoen biztanleria eta lan bizitza aktiboa amaitu duten pertsonak, gidaritza eta mentorizazio lana egin dezaketelako graduko eta graduondoko ikasleentzat.
Ekintzak
01
Esperientzia Gelen programak gehiago ezagutaraztea. EAEko pertsona helduei zuzendutako ikaskuntza
eskaintzaren eta baldintzen berri ematea.
- Arduradunak: Komunikazioko EO
- Adierazleak:
- Komunikazio kanpainen irismena (heldutako pertsona kopurua)
02
Esperientzia Gelen euskarazko eskaintza handitzea. Hiru campusak koordinatzea, eskaintza areagotzeko, irakaskuntza telematiko sinkronoaren modalitatea baliatuta lurraldera zabaltzeko eta euskarazko eskaintza handitzeko.
- Arduradunak: Graduondoko eta Etengabeko Ikaskuntzako EO, Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako EO
- Adierazleak:
- Euskaraz eskainitako irakasgai kopurua
03
Esperientzia Gelen eskaintza eta kultura programazioa koordinatzea. EHUren campusetako kultura eskaintza hedatzea Esperientzia Geletara, eta gela horien eskaintza zabaltzea herritarren eta ikasleen artean.
- Arduradunak: Harreman Instituzionaletarako eta Kulturako EO, Campus EO, Graduondoko eta Etengabeko Ikaskuntzako EO
- Adierazleak:
- Esperientzia Geletako taldeek campuseko kultura jardueretan duten parte-hartze kopurua
- Unibertsitatetik kanpoko publikoa erakartzeko ireki eta publizitatu den Esperientzia Gelen jarduera kopurua
04
Elkarrekintza estutzea Esperientzia Geletako ikasleen eta graduko ikasleen artean, gurutzatutako aholkularitza programen eta ekintzailetzaren bidez. Ezagutzak trukatzea helburu, programa horien baitan topaketa presentzialak antolatu ahal izango dira hainbat arlotan: hala nola, gaitasun digitalen inguruan.
- Arduradunak: Harreman Instituzionaletarako eta Kulturako EO, Campus EO, Graduondoko eta Etengabeko Ikaskuntzako EO
- Adierazleak:
- Ekintzetan parte hartzen duen ikasle kopurua
- Ekintzetan parte hartzen duen Esperientzia Geletako ikasle kopurua
3. Helburua
EHUren kultura politika indartzea
Unibertsitateak kulturaren bueltan duen eginkizuna indartzea erabaki organo nagusietan instituzionalizazioa areagotuz eta hiru campusetan kultura jarduerak artikulatu eta koordinatzeko gaitasuna indartuz.
Ekintzak
01
Kultura Plana sortzea unibertsitateko kideekin batera, Kultura Batzorde Orokorraren eta campus bakoitzeko Kultura Batzordeen praktika instituzionalerako oinarri gisa finkatzeko.
- Arduradunak: Harreman Instituzionaletarako eta Kulturako EO, Campusetako EOak
- Adierazleak:
- Kultura Plana egin eta aurkeztea
- Inplementatutako ekintza kopurua
02
EHUren kultura sorkuntza sustatzea eta gizartean inpaktua duten kultura eta kirol jarduerak bultzatzea. EHUabesbatza, EHUOrkestra Sinfonikoa eta EHUterpe kultura agenteen bidez, bai eta ohiko kultura eta kirol jardueren (Zabalki, Estropada akademikoa, Tipi-tapa, Zuatza Abentur, etab.) nahiz berrien bidez.
- Arduradunak: Harreman Instituzionaletarako eta Kulturako EO
- Adierazleak:
- Ekintza kopurua
- Egitasmo berriak
03
Lankidetza harremanak areagotzea eta kultura eragileekin hitzarmenak erdiestea, unibertsitateko kideei zuzendutako kultura jarduera sustatzeko. Eta horrela, pentsamendu kritikoa eta sortzailea
piztuko duten abangoardiako kultura jardueretarako sarbidea erraztuta.
- Arduradunak: Harreman Instituzionaletarako eta Kulturako EO
- Adierazleak:
- Kultura jarduera kopurua
04
Kanal digital berriak sortzea, EHUren kultura jardueraren berri eman eta zabaltzeko. Unibertsitatearen eskaintza artistiko eta kulturalaren arlo komunikatiboa web atari berri batean zentralizatzeak lagunduko du eskaintza hori zabaltzen, eta ikusgarritasuna emango dio EHUk askotariko diziplina artistikotan eta kultura jardueratan egiten duen lan kulturalari.
- Arduradunak: Komunikazioko EO
- Adierazleak:
- Web orria, jarduera guztiekin eta haien egutegiarekin
4. Helburua
EHUk euskal kulturaren garapenari eta euskararen biziberritzeari egiten dion ekarpenean sakontzea
Euskal unibertsitate publikoa da euskara erabiltzen duen erakunde akademiko nagusia, eta euskara biziberritzeko prozesuan duen erreferentzialtasuna indartu behar du, euskal gizarte osoaren aurrean, bere « indargune» izaeran sakonduz. Hori horrela, sendotu egin behar ditu komunitate akademiko osoaren hizkuntza gaitasunak eta trebetasunak, euskararen erabilera bultzatu, unibertsitate bizitzako komunikazio egoera formaletan eta informaletan, eta hizkuntza baliabide aurreratuak sortu, euskara eremu zientifiko-akademikora egokitzeko.
Ekintzak
01
Erreferentzialtasuna irabaztea Euskal Herriko artearen, kulturaren eta pentsamenduaren proiekzio eta sustapen jardueren garapenean. Erakundeen arteko elkarlana erraztea, euskal kulturaren eta hizkuntzaren sare akademikoak sortzeko, arreta berezia jarrita nazioarteko zabalkundean.
- Arduradunak: Harreman Instituzionaletarako
eta Kulturako EO - Adierazleak:
- Euskal erreferente kultural eta intelektualei eskainitako katedra eta ikastegien ekintza kopurua
- Batera eginiko ekintza kopurua, euskal kultura eta hizkuntza presente dagoen beste lurraldeetako unibertsitate eta erakundeekin
- Hezkuntza Sailarekin lankidetzan eginiko hedapenerako ekintza kopurua
02
Euskarazko dibulgazio zientifikoa sustatzea eta indartzea. Aldizkari, hedabide, podcast eta beste formatu/ kanal batzuetan eginiko ekarpenak handitzea,ikusgarritasun handiagoa emateko euskaraz eginiko zientzia eta ikerketari, eta behar bezala baloratzeko ezagutza eta kultura zientifikoa euskaraz zabaltzeko eginiko lana.
- Arduradunak: Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako EO, Transferentzia eta Nazioartekotze EO
- Adierazleak:
- Euskarazko argitalpen eta dibulgazio ekintza kopurua
03
Harremanak estutzea euskararen biziberritzerako lanean ari diren gizarte erakundeekin eta instituzioekin, hizkuntzaren ikusgarritasuna eta unibertsitatean duen erabilera indartzeko. Sinergiak bilatzea, euskararen erabilera sustatzeko, eta euskarari ikusgarritasuna ematen dioten egitasmoetan parte hartzea. Halaber, unibertsitatearen beraren proiektuak bultzatzea, helburu bera betetzeko, bereziki ikasleen artean.
- Arduradunak: Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako EO, Ikasleen eta Konpromiso Sozialerako EO
- Adierazleak:
- Gizarte erakundeekin egiten diren hitzarmen eta akordio kopurua
- EHUk parte hartu duen euskara sustatzeko gizarte ekimenak
- Euskararen ikusgarritasuna handitzeko eta hizkuntzaren egoeraz jabetzeko proiektuen deialdietara aurkeztutako proiektu kopurua
04
Errenferentzialtasuna lortzea euskarak EHUn duen egoerari buruzko azterlan soziolinguistikoen bidez. Hizkuntza biziberritzeko estrategia eraginkorrak martxan jartzeko.
- Arduradunak: Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako EO
- Adierazleak:
- Azterlan soziolinguistikoen burutze-maila (%)
5. Helburua
Unibertsitatearen hedakuntza indartzea Uda Ikastaroen bidez
Uda Ikastaroak ezagutza hedakuntzaren tresna nagusitzat har daitezke, gizartean interesekoak diren gaien inguruan. Plan Estrategikoak ardatz honetan kokatu ditu, nahiz eta beste hainbatetan ere egiten duten eta egin dezaketen ekarpena. Funtsezkoa da UIK gizartearengana heltzea, arlo eta segmentu ahalik eta gehienetan, gizartetik jasotako ekimenak eta proposamenak babestuz, betiere ikuspegi zientifiko eta akademikotik. Unibertsitateak UIKren bitartez harreman sendoa du erakunde askorekin eta, batez ere garrantzitsua da BBVArekin duen lotura. Badira gehiago ere: adibidez, UEU, Eusko Ikaskuntza edo Euskaltzaindia. UIK fundazio bat da eta bere Plan Estrategikoa du, plan honekin lerrokatua. Beraz, jardun lerro honetan, ekintza zehatzak proposatu beharrean lankidetza garatzeko arloak aipatzen dira
Uda Ikastaroek eginkizun garrantzitsua dute: EHU lurraldera hurbiltzea. Beraz, interesgarria izan daiteke ikastaroen presentzia areagotzea Bizkaian eta Araban, bi campus horietako errektoreordetzekin elkarlanean, lurralde horietako udalerri gero eta gehiagotan, eta, aldi berean, Uda Ikastaro ibiltarien egitasmoarekin jarraitzea, hitzarmenak landu eta bideratuz udalekin eta erakundeekin.
Interesgarria izan daiteke EHUren nazioartekotzearen estrategian sakontzea ere, mugaz gaindiko Uda Ikastaroen antolakuntza zabalduta (Bordele, Enlight), Latinoamerikara heltzeko aukera eta dimentsio atlantikoa ere aztertuta. Garrantzitsua da halaber Uda Ikastaroen ikusgarritasuna areagotzea, gizarte osora zabalik dagoen unibertsitate hedakuntzarako tresna gisa. Ikusgarritasuna handitu behar da baita Europan eta nazioartean ere, egun ditugun aliantzak eta plataformak baliatuta (G9, CRUE, Enlight), eta prestakuntza telematikoa eta formatu berritzaileak erabilita urrun dauden lurralde eta kolektiboetara iristeko.
Uda Ikastaroak, era berean, tresna aproposa dira euskararen erabilera indartzeko EHUn eta gizartean, eta hizkuntza beste lurralde batzuetako pertsonengana hurbiltzeko. Azkenik, publiko zabalagoa erakartzeko balio dute (biztanleria aktiboa, mikrokredentzialen bitartez), ahaztu gabe arreta berezia jartzeaz ikasle gazteak erakartzeko ekintzetan.
6. Helburua
ehuGune indartzea, gizarte zibilarekiko eta erakundeekiko elkarrizketa foro gisa
ehuGune gune estrategikoa da unibertsitatearen eta gizartearen arteko gogoeta eta elkarrizketarako. Zehazki, etengabeko behatoki eta gogoeta gune izan nahi du, testuinguru aldaketari buruzko gaiak eta gai estrategikoak lantzeko, informazio kontrastatu eta kalitatezkoarekin. ehuGunek bere plangintza estrategikoa egingo badu ere, programa bat dator ardatz estrategiko askorekin, eta tresna baliagarria izan daiteke EHUren presentzia handitzeko lurralde osoan, baita campusetan ere, hitzaldiak, mintegiak, mahai-inguruak eta eztabaida guneak antolatuta, non erakundeak eta hirugarren sektorea ere partaide izango diren. Ikasleen, irakasle-ikertzaileen eta TEKAZEL langileen parte-hartzea bultzatzeaz gain, interesgarria izan daiteke geografikoki zabaltzea EHUk udalerrietan eta hedabideetan duen presentzia, dagoeneko antolatuta dauden kultura sareen bidez, eta aliantzak eta lankidetza estrategikoak garatzea, hitzarmenak eginez informazio akademikoa garrantzitsutzat jotzen duten kultura eragileekin.